Hispanitatearen eguna izatearen aitzakiarekin, Falangeak Espainiaren batasunaren aldeko manifestazioa deitu zuen Donostiako Bulebarrean. Mugimendu Antifaxistak, manifestazio horren kontrako aldarrikapen gisa, ordubete lehenagorako, toki berean jaialdi bat antolatu zuen. 2.000 lagun inguru bertaratu ziren Euskal Herriaren eskubideen aldeko aldarrikapenak egin ziren  jaialdira.

Ertzaintzaren dozenaka furgoneta azaldu ziren Bulebarrean, han bildutakoak sakabanatu eta jaialdia debekatzeko asmoz. Ertzaintzak Bulebar inguruko kale guztiak itxi, tentsioa areagotuz joan eta  jendeak polizien debekuari aurre egin zionean, iskanbilak berehala hasi ziren.

Gurutzatutako edukiontzi, harrikada, gomazko pilota, suziri, borra kolpe eta erretako autobusak Donostiako erdialdea kaosean murgildu zuten eta Madrildik autobusetan zetozen ehun bat falangistek, ezin izan zuten beraien helburua bete; Ertzaintzaren aginduak jarraiki, Garbera inguruetara joan behar izan zuten. Merkatalguneko aparkalekuaren zoko batean autobusetatik irten eta ordu erdiz espainiar banderak astindu eta kazetari eta bertaratutako gainontzekoei irain eta mehatxu keinuak egin ondoren, ibilgailuetara igo eta etorritako bidetik itzuli ziren.

(Muntaia honen ideia La Haine filmaren haseran inspiratuta dago)