Segi gazte antolakundekoak izateagatik “Integración en organización terrorista”-z akusatuta eta musika CD-ak, kamisetak, liburuak eta kartelak beraien aurkako froga bakartzat erabilita gauzatutakoko epaiketa baten ondoren sei urterako kartzela zigorra jaso zuten Donostiako zortzi gaztek. Mikel Arretxe, Oier Lorente, Aitor Olaizola, Egoi Alberdi, Ekaitz Ezkerra, Adur Fernandez Imanol Vicente eta Naikari Otaegiren aurka bilatu eta atxilotzeko agindua eman zen egunean, ‘herri harresia’ deituriko ekimena ipini zen martxan Donostiako Bulebarrean eta AskeGunea deitu zuten espazio batean pasatzen zuten eguna horietatik seik, ehunka gazte eta lagunez inguratuta. Ez banantzea erabaki zuten eta bertan itxarotea beraiek atxilotzera etorriko ziren polizia indarrei.
3 egun eta 3 gau pasatu zituzten bertan, militantzia politikoagatik atxilotze agindua zuten gazteak eta beraiek babestera gerturatutakoek, baina Apirilaren 19an, goizeko 6:00etan azaldu zen Ertzaintza. Sirena hotsak esnatuak zituen bertan lo zeuden herri harresiko kideak. Ertzainek banaka eraman zituzten atxiloketa trabatzeko asmoz bertan eseri ziren lagun guziak. Biolentzia eta indarkeria erabili zuten poliziek, aldarrikapenetan tinko, inongo biolentziarik erabili gabe eutsi zuten gazteen aurka.
3 ordu baino gehiago iraun zuen polizi operazio haren ondoren, sei gazteak atxilo eraman zituzte.